miércoles, 18 de mayo de 2011

EMAKUMEEN ESKUBIDEAK

Euskal Herriko emakumeen eskubideen gutuna

Milurteko berri honen hasieran, Mundu Martxarako nazioarteko sarea osatzen dugun emakumeok, gure eskubideekin zer gertatzen zen aztertzea izan genuen helburu. IZADIARENTZAKO MUNDUKO EMAKUMEON GUTUNA da lan horren emaitza, eta orain gure herrian bertan zehaztu nahi dugu lan hori, gure ustez, geuri dagozkigun eskubideen lorpenean aurrera egiten eta eskubideok beteko direla bermatzen duten mekanismoak exijitzen lagunduko digun tresna behar dugulako eta, era berean, borroka feministaren helburuak eta jarraitu beharreko estrategiak eguneratzeko. Ez da erraza izango, ez horixe.

Badira hiru hamarkada, herrialde honetan antolaturiko Mugimendu Feministari errealitate patriarkalak eztabaidagai bilakatu duela, emakumeentzat problematikoa, bidegabea eta legez kontrakoa izateagatik; berau ahalbidetzen duten arrazoiak bilatzen aritu izan da eta gizon-emakume guztiontzat hobea litzatekeen gizarterako proposamen alternatiboak eratzen.

Izan dira, bai, oztopoak bidean, baina ikuspuntu formal batetik, esan dezakegu berdintasuna izan badela: legezko eskubideak eta gure ugalkortasunaren kontrola konkistatu ditugu, goi-mailako heziketara ailegatu gara, lehenago guretzat pentsaezinak ziren lanbideetan aritu gara eta jendartean betetzen dugun funtzioaren gainean antzina zeuden sinesmenak behera bota ditugu,… Orduan, hainbeste adierazpen, lege eta egitasmo izanda, zergatik gertatzen dira oraindik indarkeria sexista, diskriminazio, zapalkuntza eta ikusezintasun egoerak? Bi estatutan eta hiru administraziotan banatuak gaudelarik lege ezberdinak dira. Emakumeok uste dugu ez dagoela benetako borondaterik, ez interesik, jendarte-guneetako esleipen hierarkizatua generoaren arabera aldatzeko, eta honi amaiera eman ahal izateko, jendarte osoaren jarrera aldaketa da beharrezkoa eta gizonezkoena bereziki, gizon izateagatik bakarrik dituzten pribilegioei uko egiten ikasi beharko dutelarik. Gizonak jaio egiten dira eskubidedun, guk borrokatu egin behar dugu, lortu nahi baditugu.

Eta lan egingo dugu lortzeko. Euskal Herrian bizi garen emakumeak: hemen jaiotakoak zein kanpotik etorriak, langabetuak, esplotatuak, lesbianak, sakabanatu eta kartzelaratuak, txiroak, sexua ogibide dutenak, etxekoandreak, nekazari eta abeltzainak, gazteak, zaintzaileak, erasotu eta kolpatuak, pentsiodunak, sindikalistak, intsumisoak, artisauak, ekologistak, euskaltzale eta feministak, EMAKUME GUZTIOK eduki nahi dugu geure eskubideen gutuna, gaur egun gure herrian bizi dugun egoera islatu eta gure desioak zehaztuko dituena. Patriarkatuak, mundu osoan berbera izanda, ez gaituelako era berean ukitzen. Badagoen jendartearen izaera eta egoera politikoaren arabera itxura ezberdinak izaten ditu.

Euskal Herrian biztanleriaren erdia baino gehixeago gara emakume, gero eta emakumezko gehiago ikus daiteke jendartearen arlo ezberdinetan (sozialean, kulturalean, lan-arloan, sindikalean…), baina hala eta guztiz ere, botere eta erabaki guneetan gutxiengoa gara: kristalezko sabaia delakoa da.

Balore ekonomiko eta politikoko arloetan oso ordezkaritza murritza daukagu, oso sektore zehatz eta feminizatuetan sartu gara lan munduan, eta gainera, eskalarik baxuenetan, gaizki ordaindutako sektoreetan eta kontraturik prekarioetan. Langabezian luzaroen egoten den pertsona taldea gara, eta beraz, zerbitzu sozialaren eta halakoen beharrik handiena duena… Prekarietatea eta bazterkeria dela eta, arreta berezia eskatzen duten sektoreak, alde batetik, etxeko langileak dira, Gizarte-segurantzaren erregimen orokorrak babesten ez dituelako, eta bestetik, sexu langileak , eskubiderik ez izateaz gain, jendarteak loidoztu egiten dituelako. Esanguratsua da arlo bi hauetan batzea herrialde txirotuetatik etorritako emakume gehienak; izan ere, Atzerritartasun Legearen arabera, lan ezegonkortasunera kondenatuta baitaude. Arreta berezia eskatzen du emakume baserritarren egoerak jasaten duen bazterkeriagatik,ingururako elikagaiak ekoizteak duen errekonozimentu ezagatik,emakume baserritar asko laguntza familiarra, ezkonkide edo titular kide epigrafeen azpian ezelako errekonozimentu gabe daude.

Bizitzaren iraupenerako eta zainketarako lanen %80 emakumeok egiten ditugu, jakien eta elikadura katean emakumeen partehartzea %80koa da, baina lan horiek, sozialki eta ekonomikoki, ez dira inoiz aintzat hartzen pertsona guztien bizi-baldintzen ongizatea eta jendarte-antolaketa osatzen laguntzen duten jarduera bezala. Politikan eta ekonomian, erakundeek eta gizonek, etengabe baztertzen dute gure lana.

Emakumeen kontrako bortizkeria da giza eskubideen urraketarik larrienetakoa eta hedatuenetakoa gure jendartean, eta emakume jaio izateagatik bakarrik, geure kontra egiten diren indarkeria mota guztiak sartzen dira hor: sexu gehiegikeriak, derrigorrezko prostituzioa, laneko sexu erasoak, bikotekide ohiaren eskutik emakumeek jasotzen dituzten jipoiak, bai eta heriotza bera ere…. Mugimendu feministari esker, orain dela urte gutxira arte familia arazotzat edota arazo pribatutzat hartu izan den fenomeno hau, jendarteko arazo sozial eta politiko garrantzitsua dela ikusi da. Testuinguru honetan, nabarmentzekoa da botere publikoen ardura zuzena. Nahiz eta gero eta salaketa gehiago egin, epaitegi bereziak sortu eta langile gaituak prestatu, emakumeok gizonen eskutik jasaten dugun biolentziak jendarteko gaitza izaten jarraitzen du.

Une honetan, emakumeon sexualitatea genero-agindu anitzek mugatzen dute, eta afektibitate eta sexu-portaerarako jarraibide zehatz batzuek markatzen dute. Sexu-heziketak zeri begiratzen dion ikustea besterik ez dago: heterosexualitateari eta koitoari edota nahi ez diren haurdunaldien prebentzioari. Kontrazepziozko neurriak geuri zuzentzen zaizkigu ia beti. Abortua kasu jakin batzuetan baino ez da onartzen. Hegoaldean bada Izatezko Bikoteen Lege bat, emakume lesbianen eskubideak emakume heterosexualenekin parekatzen dituena, baina, hala ere, lesbianok ikusezin jarraitzen dugu, identitaterako ezelako keinu txikiena egitea ere zaila delarik.

Edertasun femeninoaren gurtza ez da desagertu, aitzitik, masifikatu egin da, era guztietako produktuen etengabeko ekoizpenean eta kontsumoan oinarritzen den sistema ekonomiko honi esker. Kontzientzia kolektiboan barneratu den guraria da, betiko edertasuna eta gaztetasuna edukitzea, politagoak, argalagoak eta erakargarriagoak izatea… desiragarriagoak azken batean, eta hori lortu ahal izateko, arropa eta kosmetikoak erosi behar dira, neurriz kanpoko gimnasia saioak eta kirurgia arriskutsuak egin, zenbaitetan nahita gosea pasatzeraino ere. Kultu unibertsala da, eguneroko eginbeharra, emakumeok geure buruaz eta munduan dugun estatusaz daukan ideiari eragiten dion giza agindu bat.
Euskal herriko emakumeok,  beste gatazka politiko bat bizi dugu, gatazka politikoa, eta herri honetako partaide garen heinean, gure eskubidea da gatazkaren konponbidean parte hartzea eta eragitea.

Hau dena ez da kasualitate hutsa. Emakumeok, gizonek eta gizonentzat eraikitako munduan sartu gara. Mundu honek, emakumearen ezkutuko lanaren menpe dagoelako baino ezin dezake funtzionatu, eta horrela, ezinezkoa da emakumea izanda eroso sentitzea. Emakumeok gerok eta Mugimendu Feministak egindako presioari esker, batez ere, hoberanzko aldaketak izan direla ukatu ezin badugu ere, aldaketek, eurekin batera, kontuan hartu eta aurre egin behar zaien beste erronka batzuk ekarri dituzte. Horretantxe dihardugu. Feminismoak gai izan behar du, XXI. mendeko emakumeok aurrean ditugun kontraesanei erantzun politikoak eta jendarte eredukoak emateko.

No hay comentarios:

Publicar un comentario