miércoles, 18 de mayo de 2011

EMAKUMEEN ESKUBIDEEN AGERPENA

Emakumeen eskubideak Nazioartean Onartzea
Felipe Gómez Isak, emakumeen eskubideek nazioartean igaro dituzten etapa desberdinen errepasoa egiten du. Aipamen berezia eskaintzen dio nazioartean emakumeen eskubideen babeserako baliabideak indartzera bideratuta zegoen 1979ko Emakumeak Diskriminatzeko Edozein Era Saihesteko Eskubide Protokoloaren eraketa prozesuari.
Emakumeen Eskubideak Historian zehar
Felipe Gómez Isak, Deustuko Unibertsitatean dagoen Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutuko partaideak, denboran atzera egingo du, XVIII. mendean Europako eta Ipar Ameriketako panorama politiko eta soziala nahasi zuten iraultza liberalen azterketa egiteko, izan ere marko horretan sortu baitziren Giza Eskubideak. Frantses Iraultza izango da hain zuzen, "Gizasemearen eta Hiritarraren Eskubideak" izeneko Frantziar Aitorpenarekin batera, estreinako aldiz giza eskubideei izaera emango diena.

Orduz geroztik, garapena handia izan da; baina, hala ere, autorearen iritziz, emakumeen eskubideak Giza Eskubideen definizio prozesuan ahaztu egin dira. Prozesu horrek izaera androzentriko nabarmena du eta orokorrean ez ditu islatzen emakumeen beharrak, esperientziak eta aldarrikapenak.

Bi arrazoi ematen ditu:

Nazioarteko arauen sortze-eremuan, ez zegoen ia emakumerik lanpostu garrantzitsuetan.
Giza Eskubideak jendaurrera azaltzea. Hau da, ez da kontuan hartzen emakumeen oinarrizko eskubideen haustea eremu pribatuan gertatu ohi dela, bereziki familian. Hori dela eta, ohiko legeak –jendaurrean hausten diren giza eskubideak babesten dituzten arauak hain zuzen– ez dira erabilgarriak.

Ondorioz, Giza Eskubideen ohiko diskurtsoa aldatzea beharrezkoa da.



Nazio Batuak eta Diskriminaziorik Ezaren Printzipioa
NBEk berebiziko garrantzia izan du Diskriminaziorik Ezaren Printzipioa onartzeko garaian, baita emakumeen ikuspegia Giza Eskubideetan sartzeko garaian ere. Dagoeneko 1946an (abian jarri eta urtebetera), Emakumeen Egoera Juridiko eta Sozialaren inguruko Batzordea eratu zuen. Erakunde hori funtsezkoa izan zen Nazio Batuetan onartzen diren Giza Eskubideen bitartekoak sortzerakoan. Horietako batzuk, bitarteko orokorrak dira, hala nola:

1946ko Nazio Batuen Gutuneko Hitzaurrea bera (nahiz eta bertako xedapenak orokorregiak eta zehaztasun gabeak izan).
1948ko Giza Eskubideen Aitorpen Unibertsala (Gutuneko xedapenak zehazteko asmoz egindakoa. Aitorpenean, "gizon-emakume guztien eskubideak" aipatzen dira).
Eskubide Zibil eta Politikoen, zein Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalei buruzko 1966ko bi Hitzarmenak (horietan Diskriminaziorik Ezaren Printzipioaren aipu zuzena egiten da).

Baita izaera orokorragoa duten beste lege-bitarteko batzuk, horien artean aipagarriak dira:

Lanaren alorrean: LANEk adostutako hainbat Hitzarmen (industrian jarduten diren emakumeen gaueko lanorduei dagokiena esaterako (1948), etab.
Emakumeen eskubide politikoei buruzko Konbenioa (1952).
Emakumeen aurkako Diskriminazioa Saihesteko Nazio Batuen Batzar Orokorraren Aitorpena (1967). Dokumentu horrek oraindik ere, lege mailan aurrerapenak izan arren, emakumeek jasaten duten ezberdintasunagatiko ardura erakusten du. Lehenengo artikuluan aipatzen du Diskriminazioa Ezaren Printzipioa.
Emakumeak Diskriminatzeko Era Guztiak Saihestearen inguruko Konbentzioa –CEDAW Batzar Nagusiak 19779an luzaz negoziatu ondoren onetsitakoa.

Nazio Batuek ere berdintasuna sustatzeko jarduerak gauzatu dituzte, esaterako 1975. urtea Emakumeen Nazioarteko Eguna izendatzea, Emakumeentzako Hamarkada edo Mundu mailan Emakumeentzako Hitzaldiak antolatzea lehendabizi



CEDAW: Izan zitekeena eta izan ez zena
Guztien artean, Gómez Isak arreta bereziz aztertuko du CEDAW eta horrek gizon-emakumeek berdintasuna lortzeko urratutako bidean izan duen papera. Hitzaurrea eta 30 artikulu dauzka. Autorearen iritziz, CEDAWko honako alderdiak dira azpimarragarriak:

Konbentzioak bere eragin eremua zabaldu du bere aginduak bai estatuei bai eremu pribatura zuzenduz (azken eremu horretan, lehen esan bezala, gertatzen dira emakumeen eskubide hauste larrienak).
"Emakumeen aurkako diskriminazio" kontzeptuaren definizio osoa jasotzen du. (1. art.).
Emakumeen aurkako diskriminazioa saihestearen alde egiten duten politikekin konpromisoa hartzen duten estatu partehartzaileek (2. art.) izaera anitzeko neurriak dituzte osagarri gisa, eta neurri horiek honakoa dira: "emakumeen guztizko garapena eta aurrerapena ziurtatzea" (3. art.), "gizon-emakumeen jokabidea bideratzen duten eredu soziokulturalak aldatzea" (5. art.) eta emakumezkoen salerosketa saihestea (6. art.) etab.
CEDAWko xedapen jakin batzuekin erlazionaturik estatuek planteatutako salbuespenak asko izan direnez, horren eraginkortasuna dezente gutxitu da. Salbuespen gehien dauzkan Giza Eskubideen Nazioarteko Hitzarmena da.
Konbentzio horretan emakumeen eskubideak babesteko agertzen diren mekanismoak Giza Eskubideen beste edozein Hitzarmenetan azaltzen direnak baino ahulagoak dira. CEDAWk Konbentzioko xedapenak eraginkorragoak izateko adostu diren neurri legislatibo, judizial eta administratiboei buruzko aldizkako txostenen mekanismoa besterik ez dauka. Estatuek 4 urtean behin –gutxienez– igorri behar dituzte txosten horiek Emakumearen aurkako Diskriminazioa Saihesteko Batzordeak azter ditzan, eta estatuen borondatearen arabera egongo dira. Estatuak dira hain zuzen ere, batzordeari informazioa ematen diotenak, baina batzordearen botereak horien aurrean oso mugatuak dira.

Gómez Isak adierazten du CEDAWk babes-mekanismoei dagokienez azaltzen dituen gabeziek estatuak 90eko hamarkadan prozedura horien indarbide berriak bilatzera derrigortu zituela. Bi aukera zeuzkaten:

CEDAWa bera aldatzea. Bitartekoak zeuzkan salbuespen kopuru handia ikusita, aukera hori ez zen batere gomendagarria.
Emakumeak Diskriminatzeko Era guztiak Saihesteko Konbentzioari buruzko Eskubide protokoloa onestea.

Azkenik, autoreak gogorarazten digun bezala, bigarren bidea aukeratu zen.



Itxaropenaren Protokoloa
Gómez Isak, bere lanaren azken zatian zenbait gai aztertzen ditu, hala nola: CEDAWrako Eskubide Protokoloaren Proiektuak azaltzen dituen berrikuntza nagusiak, eta Protokoloaren Proiektuari dagokionez, adostasunera iristeko Emakumeen Egoera Juridiko eta Sozialaren Batzordeak eratu zuen Lan Talde Irekian bat etortzea galarazi duten gairik korapilatsuenetakoak:

Proiektuak ofiziozko ikerketa prozesuak aurkezten ditu. Prozedura horiek emango diote Emakumeak Diskriminatzeko Edozein Era Saihesteko Batzordeari ikerketak egiten hasteko eskubidea, baldin eta informazio fidagarria jaso ondoren, herrialde horietan emakumeen eskubideak modu larri eta sistematikoan hausten direla uste bada. Prozedura horrek sortu duen polemika dela-eta (ezadostasun larriak Kuba, Txina eta Egipton), opt-out klausula eranstea pentsatu zen, estatuek ofiziozko ikerketa onartzeko edo ukatzeko aukera izan dezaten. Argi eta garbi, horrek Eskubide Protokoloa indargabetuko du hein handi batean.
Banakako kexen mekanismoa aurreikusten du. Hori babes mekanismorik garrantzitsuena da, baina bereziki polemikoa ere bai, 2 gai direla-eta:

Batzorde aurreko Legitimazio Aktiboa, hau da, nor edo nortzuk plantea ditzaketen batzordearen aurrean banakako kexak. Zalantzarik gabe gai guztietan korapilatsuena da (eta 98an adostasuna eragotzi zuena). Izan ere, "biktimaren izenean" beste norbaitek kexa azaltzea zilegia den ala ez erabakitzean baitatza.

Aldeko Argudioak (Herrialde multzo garrantzitsu batenak eta GKEenak –AI esaterako–):

Mekanismo hau ezinbestekoa da CEDAWk benetan emakume guztien Giza Eskubideak defendatu nahi baditu, emakume horiek baliabide ekonomiko eta intelektualak dituzten kontuan izan gabe.
"Eskubide-hausteen biktima lagun bakarra izateak, gehiegi murritz ditzake jaso daitezkeen gaztiguak. Emakumeen aurkako diskriminazio egitura era askok gizarte horretako emakume askori edo agian denei eragin diezaieke". (Byrnes eta Connors).

Kontrako Argudioak (Mexiko, Kolonbia, Kuba, Txina, Egipto, Tunis, India, eta beste hainbat):

Nazioarteko GKEk errekurtso horiek biktimen izenean aurkez ahal izatearen beldur dira.

CEDAWko xedapenen justiziakortasuna, zein eskubidek izan ditzaketen banakako kexak. Herrialde gehienak –eta GKE eta doktrina gehienak–, Konbentzioko benetako xedapen guztiak justiziakorrak izatearen aldekoak dira, horrela, Konbentzioaren izaera unitarioak ez luke kalterik jasango. Hala ere, ez ziren adostasunik lortu.

-Protokoloaren eraginkortasunak salbuespenak debekatzea exijitzen du. Protokoloari, berretsiko duten unean, salbuespenak azaltzea debekatzea pentsatzen ari dira, salbuespenen ondorioz ez zedin eraginkortasunik gabe geratu, CEDAWari gertatu zitzaion bezala,. Oraindik ez da horri buruzko inolako adostasunik lortu, baina adostasunera bidean, estatuek Protokoloa onartzerakoan izan ditzaketen ardurak eranstea proposatu da, eta beraz, testua ardura horiek islatzeko moldatzea.
-Garrantzi txikiagoa duten beste gai batzuek ere sortu dute eztabaida: banakako kexak onartzea; prozeduren konfidentzialtasuna; Batzordearen erabakien loturak; edo Batzordeak biltzeko behar duen denborak.




No hay comentarios:

Publicar un comentario